
Donostiako Kresala zineklubak Urak dakarrena izenburuko dokumentala aurkeztuko du gaur, Trueba zine-aretoetan, 19:30etik aurrera. Filmaren zuzendari Juanmi Gutierrezek aurkeztuko du emanaldia.
Zineklubaren arabera, “Urak dakarrena, urak daroa esaera zaharrak dio. Urumea ibaia desagertzen den auzo baten lekuko isila da. Haren ertzek denetatik ikusi dute: suntsiketa eta jasotzeak, eraispen eta altxaketak, erorketa eta birloratzeak. Urak dakarrena Donostiako Txomin Enea auzoaren sei kolektiboren istorioa da. Hiltzera bideratuta dagoen auzoa eta, batek daki, agian ere berpiztera”.
Gutierrez Errenterian jaio zen 1945ean. Bruselako INSAS Goi Eskolan ikasi zuen zinea. Bere ibilbidearen hastapenetan makina bat film labur egin zituen 8 milimetrotan. Eusko ikaskuntzako Zine Saileko zuzendaria izan da, eta, egun, irakaskuntzan aritzen da.