EZLEKUBAT

Joseba Irazoki: “Disko honetan proiektu desberdinak nolabait elkartu egin direla uste dut”

Joseba Irazoki Berako gitarra jotzaileak Euria ari du lan berria plazaratu du oraintsu Moonpalace zigiluaren eskutik. Bertan, orain arte idatzi dituen kantu onenak bildu ditu, folk eta post-rock kutsuz bustiriko lan iradokitzailea gauzatuz. Grabazio Internetetik deskarga daiteke baina diskoa erostea merezi du diseinu bikainarekin jantzita baitator.
Nortasun handiko kantuak idatzi ez ezik, Irazoki hamaika kontutan sartuta ibiltzen den musikari ipurterrea ere bada. Hala, egun On Benito, laster disko berria izango dute kalean, eta Atom Rhumba taldeekin jotzen ari da. Rafa Ruiedarekin ere aritzen da zuzenekoetan. Horretaz aparte, ekoizle lanetan ere aritu da estreinakoz Sexty Sexters Berako rock bandaren Hero Mantra lanean. Guzti honetaz solastu gara musikari nafarrarekin, baina bereziki nabarmendu nahiko genuke bere bakarkako azken lana, Euria ari du Euskal Herrian iaz egin den lan onetarikoa baita.

Euria ari du lana plazaratu berri duzu. Pozik emaitzarekin?
Nahiko kontent, buruan nuena nahiko ongi islatua gelditu dela uste dut, baita soinuren aldetik ere. Etxean grabatua dago eta estudioan azkar nahastua, baina emaitza nahiko ona da.

Diskoan jaso dituzun kantuak asko landu dituzula ematen du. Orain arte egin dituzun kantu onenak dira.
Bueno, eskerrik asko. Bertze diskoetan bezala egin dut lan gutti gotti betti, baina esperientzia gehiago daukat eta horrek zerikusia izan duela uste dut. Gero eta hobeki ezagutzen dut nire ahotsa eta abesteko modua, eta orokorrean ere gero eta argiago daukat zer lortu nahi dudan kantekin.

Rock De Lux Bartzelonako aldizkari ezagunean ere kritika oso onak jaso ditu diskoak. Horren berri izan duzu? Prentsa musikalik irakurtzen duzu?
Ikusi dut bai, eta poza hartu dut. Zaila izaten da horrelako aldizkariak kasurik egitea zigilu handi baten babesa izan gabe. Nahiko irakurtzen ditut horrelako aldizkariak, batez ere disko berrien berri izateko.

Oso musikari gutxirekin grabatu duzu diskoa, gehienetan zu eta bateria jolea. Horrela, pentsatuta zeneukan hasieratik?
Hasieran nik bakarrik grabatzea pentsatzen nuen eta konponketa hagitz gutxirekin. Gauza da Felix Buffekin nahiko jotzen ari naizela azken boladan eta diskoko kantaren bat dagoeneko zuzenean joa genuela. Behin grabatzen hasita eta konponketak etortzen zirela, garbi ikusi nuen kanta batzuk bateria behar zutela. Batzuei ere baxua sartu nien eta bukaeran soinu orokorra ikusita ia guztiei gehitu nien. Diskoko bertze soinuak gitarrak dira gehienbat, gustura ibiltzen naiz gauza desberdinak probatzen eta bilatzen.

Diskoko hitzak zureak dira? Hitzei garrantzi handia eman diezu betidanik, ezta?

Hitzak ez dira nireak. Azkeneko diskoetan bertzeen hitzak musikatzen eroso nabil eta disko honetan berdin egin dut. Nire proiektu honetan hitzak hagitz garrantzitsuak dira, ahotsa hagitz presente dago eta fundamentuzko zerbait erratea gustatzen zait. Normalki gustuko ditudan poemak pilatzen joaten naiz eta gero konposatzen nagoela musika batera edo bertzera txertatzen ditut.

Nolanahi ere, pieza instrumentaletara ere bueltatzen zara sarritan, esaterako bashorentzat kantuan. Doinu instrumentaletan zure instrumentuarekin esploratzeko lurralde egokiak aurkitzen dituzu?
Gustura ibiltzen naiz pieza instrumentalak egiten. Ni izatez gitarrista naiz eta hor sentitzen naiz erosoen. Gainera, hor dago nire DO proiektua, non kanta guztiak instrumentalak diren. Disko honetan proiektu desberdinak nolabait elkartu egin direla uste dut.

Zein da zure konposatzeko prozesua. Nola eta nondik atera dira lan honetako kantuak?
Inprobisazioan hasten da dena, gitarrarekin ia beti eta nire etxeko musika gelan. Jotzen nagoela gustuko zerbait ateratzen bazait grabatu egiten dut eta hor gelditzen da erregistratua. Gero zinten errepasoa egiten dut eta aukeraketa bat egoten da. Hamar bat ideia itxuroso elkartzen ditudanean disko bat egiten ahal dutela pentsatzen dut. Prozesuak normalki urte bat edo pixka bat gehiago eramaten du.

Oso originala da zure musikan lortzen duzun azken emaitza. Folka, rock garaikidea, eta estilo klasikoa ere nahasten ditu, alegia, zure gitarrak batzuetan klasikoa ematen du.
Azken boladan folk zahar nahiko aditu dut, baita barroko musika pixka bat ere. Azkenean guzti hori gero zure musikan islatu egiten da, bertzela ere nahiko musika desberdina aditzen dut eta emaitza guzti horren nahasketa bat izaten ahal da.

Estilo aniztasun hori zure jarduera guztian nabaritzen da, hainbat proiektutan parte hartzen baituzu. Zergatik horrenbeste estilo eta soinu ezberdin jotzeko grina?
Erran dudan bezala musika hagitz desberdina entzutea gustatzen zait eta gero ere musika desberdina egitea da gorputzak eskatzen didana. Ez dut nire burua estilo batera mugatua ikusten. Batzuetan gauza gehiegi egiten ditudala pentsatzen dut, baina azkenean hori da gustatzen zaidana.

Egun, On Benito eta Atom Rhumba taldeetan jotzen duzu. Bi taldeak une berriak bizitzen ari dira: On Beniton hasieran jotzen zenuten soinutik nahikoa aldendu omen zarete, eta Atom Rhumban, berriz, izen eta ibilbide handiko rock banda batean aritzen zara. Nola ikusten duzu zeure burua bata eta bestean?
On Benitorekin disko berria prest dugu eta erran duzun bezala aldaketa handi xamarra egon da musikan, bluesa hor dago oraindik baina buelta bat ematen saiatu gara. Nik hasieratik nuen horrelako zerbait buruan eta pixkanaka hurbiltzen ari garela uste dut. Atom Rhumbarena, berriz, urteko sorpresa izan da niretzat, hagitz gustuko dut beraien musika eta proiektuan parte hartzea, hagitz pozgarria izan da. Oraingoz oso gustura gabiltza kanta berriak ateratzen eta nahiko ongi moldatzen ari da nire jotzeko modua taldera.

Ekoizle lanetan ere ibili zara Sexty Sexters taldearen azken lanean. Zer moduz esparru horretan?
Nire lehenengo esperientzia izan da eta nahiko kontent gelditu naiz, hala ere gauza aunitz jakin behar dira eta ez da erraza dena kontrolatzea. Gustatuko litzaidake horrelako lan gehiago egitea.

Amaitzeko, aurten jotzetik biziko zarela jakin dugu, gitarra klaseak alde batera utziko dituzula, asko pentsatu eta gero harturiko erabakia da?
Bai, denbora nahikoa neraman ideia horrekin buruan eta aurten gauza bat eta bertzea elkartuta izateko aukera ikusi dut, eta oraingoz hagitz kontent nago. Ezin kexatu!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button