IKUS-ENTZUN

“Ugetsu monogatari” Kenji Mizoguchiren klasiko handia, Trueba Zinema Aretoan

Donostiako Kresala Zineklubak urritik maiatzera bitarte programatu duen egitarau oparoari amaiera emango zaio gaurko proiekzioarekin. Ohikoa denez, Trueba Zinema Aretoan, 19:30ean, izango da azken emankizuna. Eta sasoi honetako azken saiorako, publikoak aukeratutako pelikula izango da ikusgai: Kenji Mozoguchiren Ugetsu monogatari  (1953).

Drama klasiko hau Ueda Akinari idazle japoniarraren Ilargi zurbilaren ipuinak obra ospetsuan oinarrituta dagoen filma da, eta zinema kritikari eta aditu askoren ustetan,  zinemaren historiako film onenetarikoa (1953an Veneziako Zinemaldiko Zilarrezko Lehoia lortu zuen).

“Japonia XVI. mendea. Guda zibil garaian Genguro eta Tobei herritarrek dirua pilatzea dute amets. Genjurok buztingile bezala eta Tobeik samurai moduan. Bakoitzak bere emaztea herrixkan utzi ondoren gerraren beste biktima bat gurutzatuko da beraien bidean: Lady Wasaka misteriotsua”. Emanaldien ondoren filmari buruzko solasaldia egingo da.

1972an sortu zen Kresala Zineklub Elkartea eta urtero, urritik maiatzera bitarte, Donostian zinema areto komertzialetan ematen ez diren pelikulak programatzen ditu, beti jatorrizko bertsioan. Emanaldien ondoren proiekzioei buruzko solasaldiak sustatzen ditu saioetara ekartzen dituen gonbidatu desberdinekin, ahal denean filmarekin zuzenean lotutako norbait. Elkarteko kideen esanetan, “urtean zehar inguruko elkarteekin elkarlanean aritzen gara eta  horrela errealitate eta arazo desberdinak azaleratzen laguntzea da gure helburua”.

Hitzordua gaur, astelehena, maiatzak 27, 19:30ean, Trueba Zinema Aretoan.

Informazio gehiago, Kresala Zineklub.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button