Donostia Kulturaren udazkeneko programazioaren barruan antzerkia, dantza eta musika jarduerak izango dira protagonistak. Batzuk irailaren hasierako egunetan izan dira, baina adibidez, egun hauetan, hilaren 13tik 17ra, eta familiaren atalean ere, Theatre Propertiesen Peter, El Musical Victoria Eugenian izango da, eta 14an Pirritx, Porrotx eta Marimototsen txanda izango da.
Helduentzako antzerkiari dagokionean, Ay Carmela pieza izango da Antzoki Zaharrean eta hilaren 17ra arte ikusi ahal izango da. Metrokoadroka Kolektiboa (Zeozertan dabil baina ez dakit zertan pieza), Trapu Zaharra, eta El callejón del gato taldeen proposamenak ere iraileko protagonistak izango dira.
Urrian, Greenpiss, un desmadre eco-ilógico izango da Principal antzokian, hilaren 6an eta 7an. Urriaren 8an, Lali Ayguadé Companyk Runa dantza proposamena egingo du. Egun horretan bertan, Vicky Luengo Victoria Eugenian izango da Suzie Millerren Prima Facie monologo dramatikoarekin. Bestalde, Victoria Eugenia Cluben InDubio Teatro izango da Juicio al extranjero proposamenarekin, eta ondoren Ados Teatroa eta Emakume Ausartak arituko dira. Dantzak amaiera emango dio urriari Brodas Brosen ikuskizunarekin.
Azkenik, azaroaren 23an, antzoki berean izango da La lucha por la vida, Ramon Barea zuzendari eta protagonista duena, eta abenduan, berriz, Fernando de Rojasen La celestina klasikoaren bertsio bat, Anabel Alonso aktorea protagonista duena.
Amaitzeko, dantza proposamenen artean, Lasala konpainiak Shine ikuskizuna estreinatuko du azaroan, eta Led Silhouette taldeak Los perros egingo du.