ESZENA

Artezblai argitaletxeak "Hegazkin guztiak galtzen zituen emakumea" antzezlana argitaratu du

Artezblai Argitaletxeak bere Antzerki Testu Bildumari beste liburu bat gehitu dio, Menorkako Ciutadellako Cercle Artistic-ek antolatzen duen Premi Born de Teatreren azken irabazlearen euskerazko itzulpena, alegia. Josep Maria Miró i Corominak irabazi zuen azken deialdi hau, katalanez idatzitako La dona que perdia tots els avions testuari esker. Orain, ohikoa den bezala, antzezlan irabazlea euskeraz irakurgai dago Hegazkin guztiak galtzen zituen emakumea titulupean eta Iñaki Ziarrustaren itzulpenarekin.

Hegazkin guztiak galtzen zituen emakumea-ren hasieran bere etxera eramango duen hegazkina hartzeko ordu gutxi gelditzen direla, Sara Tropikoko uharte baten hiriburuko kolonial estiloko etxe zahar baten atarian jesartzen da, bere enpresa horra bidali baitu lan egitera. Sara turista profesionala da, hotelez hotel eta jantokiz jantoki dabilena Lehenengo Munduko Turismo enpresentzat eta aseguru-etxeentzat txostenak idazteko. Alboan maleta bi ditu: batean bere ekipajea dago, bestean etxe horretatik, antza abandonatuta, hartu dituen objektu pertsonal batzuk, uharte hartan argitu gabeko egoeran hil zen bere senarraren objektuak hain zuzen ere. Sara, bere senarrak egin zituen argazki batzuk ikusi eta gero, itsu paratu da bat-batean. Berarengana uharte tropikal horretako emakume bat eta gizon bat hurbiltzen zaizkio zalantzazko asmo susmagarriekin.

Premi Born de Teatre sariaren epaimahaiaren esanetan, "ezohizko kalitate poetikoak ametsetako giro mehatxugarri bezain hipnotikoa sortzen du obra honetan. Elementu gutxiz baliatuz, leku exotiko eta urrina, objektu sinbolikoak eta pertsonaia kezkagarriak kasu, antzezlan honek ikusle-irakurlea itotako gogoen mamuez eraikitako errealitatea altxatzen behartu egiten du".

Artezblai Argitaletxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button