
Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) iragan urtarrilean kaleratu zuen Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. Diskoa CD eta LP formatuetan dago eskuragarri dago. Horrekin batera, grabazio horren aurkezpen-kontzertuak ere iragarri ditu.
Hala, martxoaren 17an, Donostiako Doka Antzokian izango da; 18an, Biarritzeko Atabal aretoan, JP Lohian, Casamance eta Petra taldeekin; eta, azkenik, 19an, Durangoko Plateruenan Peiremans+ taldearekin.
Igandean, baina, martxoak 6, eta “motorrak berotzeko” asmoz, Ekizak kantu batzuk joko ditu formatu akustikoan Oztibarreko gaztetxean, Paxkal Irigoien, Maddi Oihenart eta Les choeurs de la citadelle-kin.
Musikariak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen duten hamar doinu bildu ditu bakarkako lan horretan. Kantuotan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da Ekiza. Entzunaldi aunitz eskatzen dituen grabazioa da, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.
Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi du diskoaren harira: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”.



