BERTSOTAN

Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketa martxan da

Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) ondutako Balendin Enbeita bertsopaper lehiaketaren 12. edizioa abian da. Lanak jasotzeko epemuga 2017ko irailaren 30a izango da, eta aurkeztutako lanak originalak eta argitaratu gabeak beharko dute izan.

Honela aurkeztu dute ekimena: “Balendin Enbeita bertsolari handiak, bat-bateko bertsoak bikain kantatzeaz gain, gogoko zuen bere gustuko gaiari patxadaz idaztea ere. Eta horixe da, hain zuzen ere, orain eskatzen gatozkizuena, hau da, zuen gustuko gaia aukeratu eta bertso-sorta eder bat gogoz idazteko”.

Parte-hartzaileak bi kategoriatan arituko dira: Helduak, 18 urte edo gehiagokoak eta Gazteak, 17 urtera artekoak. Bertsoen gaia, neurria eta doinua libreak dira.

Helduak kategorian izena eman dutenek gutxienez 8 bertso egin beharko dituzte, eta gehienez 12; Gazteak atalean inskribatutakoek, berriz, gutxienez 6 bertso eta gehienez 10. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste bertso-sorta aurkez ditzake. Lanak hona bidali behar dira: Balendin Enbeita Xx. Saria. Algortako Bertsolari Eskola (Albe). Martikoena 16, 2. solairua. 48992 Getxo.

Sarien harira, Helduetan hauexek izango dira: 1. saria, txapela, 1.000€ eta garaikurra; 2. saria, 700€ eta garaikurra eta 3. saria: 400€ eta garaikurra. Gazteentzat: 1. saria,  txapela, 300€ eta garaikurra; 2. saria, 200€ eta garaikurra eta 3. saria: 100€ eta garaikurra.

Informazio gehiago: albe.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button