MUSIKA

Memoria sentimentaleko kantuak

Gaur goizean, Ruper Ordorikak Azukre koxkorrak izeneko lan berria aurkeztu du Bilbon. 12 kantu bildu ditu lan berri eta kapritxozko honetan, “nire gutizia izan da, nahia, kapritxoa, begirada kritikoa egin barik, katuak nire esparrura ekarri nahi izan ditut, eta ez dut antologia egin nahi izan, ez eta bildumarik ere ez, kantuekin jolas bat baizik”, esan du kantariak.

2011an argitaratutako Hodeien azpian diskotik bi urte igaro direnean, eszenatik desagertu diren talde eta kantari bereziei tributo bat eskaini nahi izan die oso estilo pertsonalean abesturiko bihotzeko kantak moldatuz.
Hala, diskoan, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Etxahun Iruriren kantu hunkigarriekin batera Delirium Tremens, Koska, Hertzainak, Errobi, Itoiz edo Kortaturen abestiak tartekatzen dira.

“Ez da lan hau bilduma bat, jolas bat, bere barruak adierazitakoa baizik, bere erreferentziak izan daitezkeen kantak dira, historia musikala egin duten kantuak; denok batzen gaituen kontua dago atzean, kantuok sekulako indarra eta ahalmena baitute” azaldu du Anjel Valdesek, Elkar argitaletxeko ordezkariak.

Kantu bakoitzaren zergatiak azaldu ditu gero Ruperrek, diskoren nondik norakoak tartekatuz, “bertako askorekin jo izan dut telonero gisan eta hortxe daudenak oso ondo ezagutzen ditut. Idazleen (Gabriel Aresti, Joxan Artze, Daniel Landart, Pello Lizarralde, Xabier Lete, Bordari, Etxaun Iruri, Joseba Alkalde, Josu Landa,..) eta musikarien (Hertzainak, Kortatu, Itoiz, Txomin Artola, Balerdi Balerdi, Errobi,…) arteko harreman hori berriz bizi izan dut eta guztiekin izan naiz orain diskoa agertu baino lehen, baita lehenago euren aurrean kantatzen. Guztiek hartu dute lana pozarren, beti da polita zure kanta batek oraindik bizirik dirauela sentitzea”

Laneko kantak interpretatzerakoan Arkaitz Miner, Fernando Neira, eta Hasier Oleaga ohiko taldearekin aritu da, eta Ben Monder musikariaren kolaborazioa izan du. Grabazioak Katarain estudioan egin ditu, eta Oskar Alegriak jarri ditu argazki ederrak.

Lana Baionan (urriak 25), Donostian,(azaroak 24), Durangon (azaroak 29), Bilbon (abenduak 14) eta Gasteizen (abenduak 27) haizatzen ibiliko da hiruhileko honetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button