Nontzeberri

“Poltsiko musikaren” bederatzigarren edizioa

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak formatu txikiko kontzertuak atondu ditu hil honetan zenbait musika joera berri ikus-entzuleei hurbilarazteko. Lau emanaldi ondu dira, Abando–Barrainkuako Udaltegian, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Ekimena joan den astean hasi zen Jon Arraibi kantautorearekin. Aste honetan baina, Argentinako eragina duen Romo’s Aires Tango laukotearen txanda izango da. Errepertorioa Argentinako tangoetan, milongetan eta baltsetan dago oinarrituta.

Hirugarren kontzertuak euskal musikaren kutsua hartuko du. Urriaren 18an izango da eta bertan Xabi Aburruzaga izango da, Aitor Antruejo (gitarra) eta Jose Urrejola (txirula eta panderoa) musikariekin batera. Portugaleteko musikari eta konposatzailea trikiaren birtuosoa da. Denboraren Naufrago izenekoa da bere azken lana.

Zikloa urriaren 24an itxiko da, Borja Estankona kantariarekin. Konposatzaile berezia da, eta bere musikak estilo asko hartzen ditu. Orain arte bi disko argitaratu ditu, eta egitasmo berrian dago murgilduta, bakarlari gisa.

Exit mobile version