ARTEA

Getxophotok zaharrei gorazarre

Irailean egingo den Getxophotoren aurtengo edizioak zahartzaroaren alde ezberdinak erakutsi nahi ditu. “Balio gorena gaztetasuna den garaiotan, zaharrak begiratzea, zelan bizi diren, zelan maitatzen duten, zelan dibertitzen diren, zelan gaisotzen diren edota zelan hiltzen diren ikustea tabua da”.

Hala, Frank Kalero ekimenaren komisarioak zahartasunari buruzko hogei bat egileren lanak bildu ditu, eta ikusgai izango dira Getxoko kale eta aretoetan irailean Hauexek dira aukeraturiko artistak: Sacha Goldberger, Peter Granser, Andrew Zuckerman, Ricky Dávila, Stephanie Diani, Walter Schels, Maja Daniels, Annet van der Voort, Josep Echaburu, Luis Cobelo, KayLynn Deveney, Patrick Duncan, Ana Galán, Nelly Rodríguez, Sander Marsman eta Vicente Paredes.

Egitaraua irailaren 1ean hasiko da. Egun horretan, Areetako Andrés Isasi antzokian, jaialdiaren bost urtetako ibilbideari gainbegiratua emango diote irudien bidez. Edizio honetan parte hartuko duten egileetako batzuk euren lanak proiektatu eta aurkeztuko dituzte. Mursegok musikatuko duen Michael Ackermanen proiekzioarekin amaituko da ekitaldia.

Horretaz gain, irailaren 2tik 3ra, Arianna Rinaldok tailerra zuzenduko du. Rinaldo, Colors aldizkariaren editore grafikoa izan da eta gaur egun lan bera egiten dihardu D Magazine-an; lantegian edizio grafikoaren alde desberdinak jorratuko dituzte.

Azkenik, herri partaidetzari jarraipena emanez, aurten Pop Proiekzioa argazkiak erakusteko horma bihurtuko da. Bertan 1/100-n parte hartuko dutenen irudiak ikusgai egongo dira. Nornahik bidal dezake argazkia aurtengo jaialdiaren erakusketa batean parte hartzeko. Gaia: zahartzaroa, denboraren joana; irudi bat bidali beharko da egile bakoitzeko; gutxieneko tamaina 2 MBkoa; irudiak aurkezteko epea abuztuak 19 izango da eta bidaltzeko sartu hemen.

Jaialdiaren inguruko informazio gehiago, hemen.

Iazko edizioaren bideoa:

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button