LITERATURA

“Parisen bizi naiz” Koldo Izagirreren azken lana

Urriaren 31n, Donostiako Liburutegian, orain inprimategian dagoen Koldo Izagirreren poema liburu berria aurkeztuko du Susa argitaletxeak.

Tituluak berak adierazten digu nondik mugituko den poeta lan berri honetan. Hiriari dedikaturiko poema liburua baita hau. Eta hala, lerroetan zehar Donostian, Paris, Bilbo, Tolosa, Berlin eta beste hainbat hiri deskribatuko ditu poetak, erdigune horretan mugitzen delarik.

Liburuko lehen poemak ematen dio titulua lan osoari Parisen bizi naiz, eta modu paraleloan amaitzen du lan berri hau Berlinen bizi naiz izenekoarekin.

Liburu multiformea da Izagirreren azken hau, poema laburrak, luzeak, narratiboak, elkarrizketa integratzen dituztenak, koplak,… denetarik kausituko du irakurleak.

Hona hemen Donostia hiriari dedikaturiko koplak:

DONOSTIA

gortearen udaleku
hiritasuna debeku
kupido motzen joek daukate
sebastian zerutik gertu

erreginaren hondartza
garbia eta apatza
noiz hankapeko noiz eskupeko
alaiki easok dantza

hodei beltzetan durunda
bentazikinen sutunpa
bilintx hil dute bilintx hil dute
leihorik leiho entzun da

hareazko jauregiak
maite ditu haurreriak
herria hitza ama arbola
barrutasun geuregiak

haizeak dakar hazia
haizeak dakar gazia
haizeak zakar ekarri zuen
larrazabalgo ikasia

errekaldean lizarra
hari begira izarra
bere burua eskuratzea
euskaldunaren liskarra

hondar zuriz lau gabarra
urki zuriz bulebarra
sekretak denoi pausoak hartzen
iluna ilunabarra

martuteneren mospela
kaletik urrun orbela
gaiztoak diren onenek nonbait
etorri behar hobera

arkitektura idorrak
ezain bezain ezilkorrak
plano guztien gainetik zuzen
lurrezko bidezidorrak

perla polit biribila
dendarien hiri hila
ederrera iritsi ezin den
guztiaren faksimila

izar zaharrak ortzean
bakoitza bere bostean
hiriak hiri izaten dira
nortasun bat adostean

hondartza beti ospean
berririk ez donostean
madril txikia pozik bizi da
postal txatxuen ostean

amarako barrikada
pariseko karrika da
gau edo egun hots egizue
zatarron beharrik bada

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button