LITERATURA

Poesia hilda dago baina ez naiz ni izan

Aurtengoa Eako poesia Egunen zazpigarren edizioa izango da. Hainbat idazlerekin elkarlanean herri horretako Herrijari Emon Arnasa kultur elkarteak antolatzen ditu jardunaldi hauek.

Gabriel Arestiren omenez hasi ziren egiten eta idazlearen itzalak egitasmo guztietan dirau. Izan ere, Gabriel Arestik Ean igaro zituen bere azken urteak, eta zenbait poema herrian bertan idatzi zituen. Hortaz, Arestiren irudia, pertsona eta lana omentzea eta literatur zaletasuna bultzatzea dira jardunaldion helburu nagusiak, "baina idazleen artean literaturaren bazterrak harrotu ere gure dugu, musika, irudia eta pelikulen bidez, Ea herriak eskaintzen duen paraje natural ederrarekin bat eginez" adierazi du Mariasun Landa antolatzaileak.

Aurten, betiko lez, literatur zale andana hurbilduko da kostaldeko herrira, antolaturik dagoen programazioaz gozatzera.
Uztailaren 17an (larunbata), Iban Zalduak (Euskal) literatura amaitzera doa and (I feel fine) hitzaldia egingo du 10:30ean, Eako Beletxe elkartean. Geroago, 13:00etan, Eako Talan, Anarik eta Iñigo Aranbarrik Giza-materialak irla izateko emanaldia eskainiko dute. Behin bakarrik emango duten irakurketa izango da hau, Ean irakurtzeko propio eginda.
Bazkaldu ostean, Hiltzailea da kritikaria? Kritikaria hiltzailea da?, zein den bere funtzioa? Aintzat hartzen du irakurlea? eta halako galderez osatuko den tertulian parte hartuko dute Anjel Errok, Igor Estankonak eta Aritz Galarragak.
Ander Lipus eta bere karabana etorriko da gero, 19:00etan, Eako Apikalera, Horrela mintzatu zen Zappatrusta eskaintzera.
Leire Bilbao, Maria Josep Escriva, Igor Estankona eta Oier Guillanek Poemen bizi-harian errezitaldia egingo dute 22:00etan Eako frontoi atzean, Xanet Arozena eta Garazi Izagirre musikariekin batera.
Mursegoren (Maite Arroitajauregi) pop eklektikoa entzuteko parada egongo da geroago, eta larunbateko ekimenak amaitzeko Omar Nabarrok eta Rafa Ruedak Haragizkoa emanaldia eskainiko dute Eako frontoi atzean.

Uztailaren 18an (igandea), 11:00etan, Harkaitz Canok Literatura DJen garaian hitzaldia egingo du Eako Beletxe elkartean.
Maria Josep Escrivak eta Miren Agur Meabek Poesiaren (azken) hatsaz hitzaldia egingo dute 12:00etan Eako Beletxe elkartean.
Jose Luis Otamendik Bustilehorreko poemak errezitaldia egingo du 13:00etan Natxituko kanposantuan eta azkenik, Amaia Lasak eta Itxaro Bordak Poesiaren tolesturak errezitaldia eskainiko dute 17:00etan Natxituko Ermintxo hotelean. Musika Xanet Arozenak eta Garazi Izagirrek jarriko dute.

Nontzeberri

Show More

Related Articles

Back to top button