
Bilboko La Taller Grabatuen Arte Galeriak erakusketa berriari ateak zabalduko dizkio bihar urriak 5, ostirala, arratsaldeko 20:00etan. Txaro Foltalba artistaren Mihiluzeak eta beste totel batzuk izenburuaz, azken urteetan landutako eskultura eta marrazkiak bildu ditu artistak bertan.
Txaro Foltalbak (Iruñea, 1965) Iruñeko Arte Eskolan egin zituen bere lehen ikasketak. Arte Ederretan lizentziatu zen gero Euskal Herriko Unibertsitatean eta eskulturan espezializatu. Londresko Shaw School of Art eskolan osatu zituen bere ikasketak, gradu ondoko hiru urteko formazioarekin.
Orduz geroztik, hainbat erakusketa kolektibo eta bakarkako erakusketa eskaini ditu han hemenka, eta zenbait tailer eta ikastaro ere eman ditu eskulturari lotuta. Hainbat sari eta beka ere eskuratu ditu bere ibilbidean zehar, esaterako, Ertibil Marrazki Saria (1989), Ikerketa Artistikoaren Nafarroako Gobernuko Beka (1990-92) edota Arte plastikoen sorkuntzarako eta argazkigintzarako Nafarroako Gobernua Beka (2010).
Mihiluzeak eta beste totel batzuk obra, “denborarekin azaltzen joan diren mingain moztuak dira, gorputzetik banandutako edota moztutakoak, ezabatutakoa mingainak”, azaltzen du artistak. Zeharka, mingaina galtzeaz ari da artista, ixiltzeaz, hitzaren gabeziaz eta hitzik eta espaziorik eza iradokitzen digu, “mihiluze eta lotsagabe izatea”, bere esanetan.
Erakusketa azaroaren 23ra bitartean egongo da ikusgai.