
Sua argitaletxeak eta elkar Fundazioak Euskal Herria liburuaren aurkezpena egin dute gaur goizean Bilbon. Bertan Héctor Ortega idazlea, Alberto Muro argazkilaria eta Joxemari Sors elkar Fundazioko ordezkaria bildu dira.
Héctor Ortega testu egileak eman ditu liburuaren lehen zertzeladak: “Tituluak berak adierazten du zertaz doan lan hau. Uste dugu Euskal herria zer den zaldu behar dela, premia badagoelako. Izan ere Euskal Herriak izan asko ditu, eta lan honekin kokatu nahi izan dugu, eta gero edukiz bete, bertoko geografia eta abar, gure Euskal Herriak kolore asko baititu”.
Lan mardularen hasierako orriotan naturari errepaso zabala ematen zaio, oinarrizko kartografia eskainiz, oihanak eta basamortuak zeharkatuz, eta gure fauna aztertuz.
Herri bete jende atalarekin pertsonei erreparatu diete, eta hortik sortu dira beste atal batzuk, guztiak handiak: artea, mitologia, gastronomia, kirola, literatura, jaiak eta tradizioak, eta abar.
“Lan honetan jendea kitzikatu nahi dugu, gure herriaz interesa pizteko. Jendeak jakin dezan hemen herri bat badagoela” aipatu dute egileek.
Liburuko irudi ederrez Alberto Muro argazkilaria arduratu da. Berarentzat azken 10 urteetako lan obra honetan laburbiltzen da, eta berak esan du “nire lanaren bidez erakusteko herri bat badela jakin dut, izan ere, munduko toki pribilegiatu batean bizi gara”.
Lana lau hizkuntzetan publikatuko da, eta euskaraz gain, frantsesez, ingelesez eta espainolez inprimatuko da, kanpotik etortzen denarengan gure herriarekiko kuriositatea asetzeko.
Lanaren kontra-portadan hauxe dator: “Lainoak ezkutatzen dizkionean maite ditu maite poetak gure bazterrak, orduan, eta orduan baino ez, so egin lezakeelako bere buruaren baitan. Bestela, ezinezkoa zaio, hain dira liluragarriak eta ederrak, bere eta gure begietara, Euskal Herriko txokoa. Liburu honetan gure herriari begiratu diogu, zuzen eta garden, paisaiari, naturari, historiari eta kulturari erreparatuta. Eta hor azaldu zaigu Euskal Herria, bere horretan, guk ikusten dugun bezala. Lainoa izan zein oskarbi izan”.



