
Gaur berton, hilak 4, Gernika-Lumoko Kultur Etxean, Ricardo Abaunza erakusgela berriaren inaugurazioa egingo da, eta hor, etapa berri honen lehen erakusketa, Triskantzatik Esperantzara. Guztion Ondarea II, izenekoa abian jarriko da. Horrela, lagin honekin, Gernikako Bonbardaketaren 88. urteurreneko programazioari emango diote hasiera.
Ricardo Abaunza, diziplina anitzeko artista eta kultur kudeatzailea, Kultur Etxeko zuzendaria izan zen 2018ra arte. Urte hauetan guztietan egin duen lanak Kultur Etxearen oraina eta etorkizuna markatu ditu. Horregatik, areto berri honek bere izena eramango du.
Bertan, erakusketak hartzeaz gain, mota guztietako ekitaldiak egongo dira.
Gaur abian jarriko den erakusketan, 30 artelan baino gehiago ikusi ahal izango dira. Artelan horien artean azpimarratzekoak dira Luis Iriondo, Jose Antonio Urigüen edo Ricardo Abaunza egileen lanak, baita hiriarekin harreman estua izan duten beste egile batzuenak ere, hala nola Nestor Basterretxea, Willian Kelly, Alex Carrascosa, David Ashton, Rolf Erkens, Giussi Naletto, Wernfried Poschusta…