MUSIKA

Triángulo de Amor Bizarro taldeak Bilbon joko du

Galiziako Triángulo de Amor Bizarro noise-pop-rock laukoteak Bilboko Club 101 Backstage aretoan joko du, ostiralean, apirilak 11, 21:00etan. Galiziarrekin batera, Getxoko Gringo taldea izango da oholtzan. Emanaldien ostean, DJk izango dira: We Are Standard dj set, Edu AnMu dj eta Puppet.

Triángulo de Amor Bizarrok 2007an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa; kritika espezializatuaren laudorioak jaso zituen lan horrek. Disko sendoa da, zaratatsua eta inpaktu handiko esaldiekin josia. Urte hori amaitu baino lehen, laukotearen kantu bitxiak jaso zituen El hombre del siglo V plazaratu zuten. 2010ean, Año santo etorri zen, disko horrek ikaragarrizko harrera izan zuen zaleen artean, bai eta hedabideetan ere.

Bada, 2013an, Victoria mística kaleratu zuten; hain justu, lan horretako kantuak aurkeztuko dituzte Bilbon, ostiralean. Mushroom Pillows diskoetxearen arabera, lan berri hori “erraietakoa, zorrotza eta zintzoa” da; Mushroom Pillowsek argitaratu ditu galiziarren disko guztiak.

Bestalde, Gringo 2004an eratu zen Getxon, eta egun, hirugarren lana grabatzen ari da. Taldekideek eskarmentu handiko musikariak dira, Getxo inguruko hainbat taldetan jo baitzuten, 90eko urteetan: Inte Domine, Pornobus, Beans, Milkis… Psikodelian bustitako rock independentea jotzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button