
Urmuga ekimenak musikaz eta mendiz mendi Euskal Herria bizitzeko gogoa zabalduko du beste behin, uztailaren 11tik 31ra egingo den jaialdiarekin. Euskal Herria mendebaldetik ekialdera gailurrez gailur zeharkatuko du, Angulo menditik hasi eta Santa Graziraino.
“Udan, egun batzuez, mendirik mendi, Euskal Herriko ez-muga hori zeharkatuz, kulturaz eta mendiaz gozatzeko modu bat da Urmuga. Esperientzia horrek, baina, berez dakar herrigintza, saretzen da euskal kultura, sortzen ditu harreman sozialak, kulturalak… hor ba! ekimen poetiko bat sortzen da naturaren kapritxo batetik!”
Aurten 25 kontzertu (Et Incarnatus orkestra, Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Janus Lester…), antolatu dira mendi ibilaldien ostean gozamena hartzeko.
Gaur berton, uztailak 11, zertaz gozatu egongo da Urduñatik gertu dagoen Gorobel Mendi Lerroan. Goizean abiatu dira mendizaleak eta 17:00etan, harrera egingo zaie plazan, Erauntsi dantza taldearekin eta Getxoko Goi txistulariekin.
Bihar, uztailak 12, Baranbiotik gora dagoen Garrastatxu baselizaren inguruan kontzertu ederra atondu da 18:30ean, Alaitz eta Maider, Leturia eta Irati Arcelus, Fede de Dios, Pirata, Anje Duhalde eta Et Incarnatus Orkestrarekin.
Egun guztietako programa: Urmuga