ESZENA

Familia berezien gaineko antzezlanak

Txalo Produkzioak konpainiak Begoña Bilbaok zuzenduriko Sagastitarrak obra egingo du, gaur, hilak 16, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan, 20:00etan hasita. Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria akotoreak arituko dira oholtza gainean.
“Sagastitarrenean –goi-burgesiako familian- alabarekin ez da giro. Ane, giza-ekintzaile feministak, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. “Patriarkatuarekin ez dugu amaituko, mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean”. Anton Sagasti, familia-buruarentzat, ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, Antonek amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu Ane, alabak, abizena aldatzeko asmotan atzera egin dezan.”

Eta bihar, Beasainen, Usurbe Antzokian, Tanttaka Teatroak Mireia Gabilondok zuzendutako Ez naiz inoiz Dublinen egon izeneko pieza egingo du. Bakoitzak gure errealitate propioa eraikitzen dugu, baina noraino gara gai besteenak onartzeko?
“Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londresetik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin. Denak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezin bat izatea, familia honen oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hau onartu ala ez erabaki beharko dute. Gau zoro honetan zehar bakoitzak bere fantasia eta miseriak erakutsiko ditu, hemen ez baita inor libratzen. Eta elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza berdinaren bila dabiltzala ikusiko dugu; bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila”. Pieza horretan Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo eta Aitziber Garmendia dira aktoreak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button