ARTEA

“Topalekuak” erakusketa ikusteko azken astea

Eduardo Chillidaren mendeurrenaren baitan Tabakalerak antolatutako Topalekuak erakusketa udan abiatu zen. “Artista donostiarraren obrari buruzko ikuspegi berriak aztertzen ditu, eta tokiko eta nazioarteko hainbat artistaren eta Eduardo Chillidaren beraren lanak hartzen ditu”. Erakusketaren inguruko beste jarduera batzuen artean, bisitak, solasaldiak, familientzako Kameleoiak gara! arte-lantegia eta Soinu objektua gazteentzako lantegia izan dira.

Egunotan, erakusketa amaituko da, eta asteburuan zehar publikoak bertan murgiltzeko azken aukera izango du Elena Aitzkoa eta Juf kolektiboko Leto Ybarra artistekin, eta Soledad Gutiérrez erakusketaren komisarioarekin.
Erakusketa itxiko duen programa urriaren 4an eta 5ean garatuko da, eta horretarako poesia, performancea eta komisarioaren bisita gidatu oso berezia antolatu dira.

Gaur, urriak 2, azken bisita solasaldia egingo da erakusketara. Urriaren 4an, 19:00etan, Juf (Bea Ortega Botas eta Leto Ybarra) kolektiboko Leto Ybarrak Sokasalto bere pieza aktibatuko du. “Narrazioaren eta soinuaren baliabideak erabiltzen dituen eszenaratze baten bidez, blockbuster zinearen, irrati-antzerkiaren eta soinu-banden eraginak erakusten ditu ekintzak. Hala, ikuspegi horrek zabaldu egiten ditu olerkien inguruko errealitate politikoak eta sozialak, intrigazko eta emoziozko giroa sortuz”.

Urriaren 5ean, 12:00etan, erakusketaren komisario Soledad Gutiérrezek bisita gidatua eskainiko du, eta “funtsezko kontzeptuetan sakonduko du, eta obra bakoitza xehetasunez aztertuko du, pieza bakoitzean sortzen diren gaiak eta galderak azalduz”.
Horren ostean, Elena Aitzkoak Toda la noche ha llovido fuera performancea egingo du. Aitzkoa artista ezaguna da bere keinuzko interbentzio poetikoengatik, eta “esperientzia murgiltzailea eskainiko du, narratiba sentikor batean musika, gorputza eta espazioa uztartuz”.

Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924-2002) mendeurrenaren ospakizunen baitan sortutako Topalekuak erakusketa igandera arte egongo da ikusgai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button