
Nafarroako Filmotekak Ezinbesteko Zinema zikloa ondu du azarotik hona, eta urtarrilean, asteazkenero, XX. mendeko 50eko hamarkadako hainbat klasiko eskainiko ditu.
Vida en sombras (1948) lana joan den astean pantailaratu zen. Noche y niebla (1955) eta Yo, un negro (1958) dokumentalak urtarrilaren 15ean ikusi ahalko dira; El río (1951), Veneziako Zinemaldiko Nazioarteko Saria, urtarrilaren 22an. Eta urtarrilaren 29an, Veneziako Mostran Urrezko Lehoia irabazi zuen Los siete samuráis (1954) arrakastatsu eta entzutetsua.
Beste aldetik, John Fordi eskainitako zikloa ere abian da. Horretarako honako filmak pantailaratuko dira: Pasión de los fuertes (urtarrilak 10), Fort Apache (urtarrilak 17), La legión invencible (urtarrilak 24) eta Río Grande (urtarrilak 31).
Panorama saila Nafarroarekin zerikusia duten filmei eskainia dago eta urtarrilean hainbat lan ikusi ahalko dira sail honi esker. Hilaren 16an, Raúl de la Fuente nafar zuzendariaren Minerita pantailaratuko da. Urtarrilaren 17an, Eugenio Monesmaren El paloteado de Cortes filmaren txanda da. Eta urtarrilaren 24an, Joxe Ulibarren Esculpiendo la historia dokumentala.
Argibideak www.filmotecanavarra.com webgunean duzue.