ESZENA

“Topaklown” klowna eta umorezko antzerkia, Durangon

Durangon Topaklown ospatuko dute martxoaren 31etik apirilaren 3ra bitartean. Pandemiagatik  bertan behera utzi dira topaketa eta ikastaroak, baina makina bat antzezlan programatu dira Aste Santurako.

Topaklown jaialdiak klowna eta umorezko antzerkia batzen ditu, eta gainera profesional  eta lagunen topaketa ere bada. Urtero Aste Santuan egiten da eta trebakuntza izaten du ardatz nagusi. “Orain arte klowna zein alboko zaizkion arteak lantzeko 9 ikastaro antolatzen genituen; eta hain zuzen ere, hauxe da estatu osoko zein  atzerriko parte hartzaileak erakartzeko gakoetako bat. Izan ere, topaketan parte hartzen  dutenek trebakuntzaz haratago beste onura batzuk ere izaten dituzte gurean, besteak  beste, antzeko afizio eta ofiziodunekin partekatzeko esperientziatik eratorritako  (adiskide berriak egin, kolaborazio artistikoak, enpresa arlokoak, sormenaren inguruko  sinergiak, eta jakintza ere partekatzen baitute).”

Baina beste aldetik ere, programazioa badago, eta horregatik kaleko zein aretoko antzerki saioak antolatzen dira Durangon zehar eta San Agustin kultur gunean.
Aurten, 2020rako deituak zeuden artistak berreskuratu dira, eta lau egunetako egitarauan, zazpi talde, eta hamalau saio atondu dira.

Diogun bezala, martxoaren 31an hasiko da ekimena, San Agustin Kultur Gunean, 17:30ean eta 19:30ean, Karrika antzerki taldearen Karrikan lanaren estreinaldiarekin. Antzezleak Uxuri Gallastegi, Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia,  Mikel Uribelarrea, Maialen Magunagoitia eta Eider Chavez dira. Ibilbide berria abiarazi du Karrikak zuzendari berriaren eskutik, eta kasu honetan umorea ardatz hartuta, “lotzen gaituzten edota geure buruak lotzen ditugun klitxeez” arituko da.

Egunez eguneko programazioa, taldeen lanak, ordutegiak eta abar: Topaklown.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button