IKUS-ENTZUN

“Ealingen komediak”, umore britainiarrari gorazarre

Ostegunean, Azkuna Zentroko Zinematekan, Ealingen estudioek bigarren Mundu Gerraren ostean ekoitzitako komediekin ondutako zikloa hasiko da; garai horretan ekoitzi zituen, hain justu, estudioaren ikur bihurtuko ziren komedia garratzak, tartean, Whisky Galore! (1949), The Man in the White Suit (1951) The Ladykillers (1955).

Azkuna Zentroak ondutako programazioa, hain justu, Whisky Galore! (1949) eta The Man in the White Suit (1951) komedien emanaldiekin hasiko da, 17:30etik aurrera. Bi filmak Alexander Mackendrick zinegileak zuzendu zituen. II. Mundu Gerran Eskoziako uharte batean hondoratutako itsasontziak herritarren bizitza irauliko du, itsasontzia whiskiz beteta baitago. “Uharteko biztanleak aspalditik zeuden alkohola edan ezinean, eta, beraz, era guztietako amarruak asmatzen hasi ziren, agintariei itzuri egin, eta zamaz jabetzeko”.

The Man in the White Suit (1951) filmaren argumentua ere gertaera bitxi batetik abiatuko da: Sydney Stratton (Alec Guinness) ikertzaile gazteak apurtzen eta zikintzen ez den oihal bat asmatuko du. Hasiera bateko deskubrimendua, oihal-industriaren hondamena bihurtuko da: “Ehungintzako enpresariek eta langileek akordio bat egiten baitute ehun berria ez fabrikatzeko eta ez zabaltzeko. Arrazoia begien bistakoa da: enpresariak beldur dira, beren enpresek porrot egingo ote duten, eta langileak ere beldur, lanpostuak galduko ote dituzten”.

Zikloan pantailaratuko diren gainerako filmak hauexek dira: ekainaren 29an, Kind Hearts and Coronets eta The Ladykillers, eta, azkenik, uztailaren 6an, The Lavender Hill Mob eta Passport to Pimlico.

Informazio gehiago: azkunazentroa.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button