
Lupa Dokumentalen zortzigarren Mostra egingo da bihartik igandera bitarte, Donostiako Guardetxean eta San Telmo Museoan eta Errenteriako Mikelazulon. Filmak egileek aurkeztuko dituzte.
Guztira 22 dokumental aurkeztuko dira. Antolatzaileen arabera, “azpimarratzekoa da Euskal Herriko generazio gazteenaren partaidetza: Ainhoa eta Aitor Gametxoren Soinu galduen bila, Mikel Zatarainen The dream factory, Igone Arreitunandiaren Ein land edo Errautsak film kolektiboa”. Estatuko ordezkariak ere izango dira, tartean, “fikzioaren adibide berriak diren África 815 edo Remine”.
Aurten, gainera, galiziar jatorria duten lan esperimentalak jaso dituzte Loopa: Galizia Sutan izeneko sailean. Bestalde, urtero bezala, Lupita sekzioa ere izango da ikusgai: eskoletan egiten diren emanaldiak. “Oraingoan María Elorza eta Maider Fernándezen Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa filma ikusiko dute Orereta Ikastolako ikasleek”.
Amaitzeko, aurten ere, Prozesuan Dauden Lanak ekimenarekin ere jarraituko dute: apirilaren 3an, Errenteriako Mikelazulon, 11:00etan. “Egileek oraindik amaitu gabe dauden filmak aurkeztuko dituzte, beste autoreen aholku, kritika eta iritziak jasotzeko asmoz”.
Programazioa guztia, hemen eskuratu ahal duzue.



