MUSIKA

Bihar hasiko da Euskal Herria Zuzenean musika jaialdia

Euskal Herria Zuzenean jaialdiak programazio aberatsa eskainiko du Heletan egingo duen aurtengo edizioan. Guztira, sei gune egongo dira eta bakoitzean kontzertuak, pelikula proiekzioak, eztabaidak, hitzaldiak eta antzerki emanaldiak egongo dira.

Ostiralean hasiko da jaialdia Jim Jones Revue, Sorkun edo Killers musikariekin. Gainera, Zinema Erregelu gunean zuzenezko txalaparta musika laguntzarekin euskal laburmetraiak ikusi ahal izango dira.

Larunbatean euskal musika jorratzen dituzten talde ezberdinek joko dute tartean, Berri Txarrak, Bizardunak eta Zea Mays. Frantziar Estatuan egiten den musika entzuteko parada ere izango da Izia, Rinocerose eta EZ3kiel Vs Hint musika taldeen eskutik.

Azken egunean, igandean, munduko toki eta estilo ezberdinak jorratzen dituzten musikariak egongo dira. Rachid Taha argeliarrak raï eta rock nahasketa eskainiko du, Balkan Beat Box ijito soinuak ekarriko dituzte eta Pastor of Muppers taldearen eskutik tronpeten bidez metal soinuak entzun ahal izango dira.

Programazioa apirilean ezagutarazi bazuten ere, azken momentuan hainbat musikari berriren asistentzia baieztatu dute, hala nola, Manu Chao, Emir Kusturika eta Fermin Muguruza, azken honek Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina dokumentalak euskarazko azpitituluekin estreinatuko du.

Sarrerak jaialdiaren webgunean bertan erosi daitezke eta akanpaleku librea izango da. Gainera, Heletako elkarteek prestaturiko gosaria hartzeko aukera ere egongo da.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button