MUSIKA

The Reverendos-ek estilo zaharrekin jantzi dute lan berria

The Reverendos laukoteak The Cool Sounds of izenburuko lana aurkeztu du gaur, abenduak 12. Ekitaldian lau taldekideek parte hartu dute, eta Igor Garcia abeslari eta piano-jotzaileak nabarmendu duenez, “disko serioa da, eta askotariko estiloak biltzen ditu”, beti ere, AEBetako 50eko eta 60ko urteetako erritmoetan bustitakoak: swing, blues, rockabilly eta rhytham and blues, besteak beste.

“Laugarren disko hau grabatzeko urtebetez egongo gara lanean lokalean, eta ondo grabatuta dago, benetako estudio eta teknikariarekin; lehen, estudiora joaten ginean ea zer aterako zen ikustera”, azaldu du Garciak. “Disko serioa da”, gaineratu du.

Diskoa autoekoizpenaren bidetik grabatu dute (AEBetan ere plazaratuko dute Mofuungo Records zigiluaren bidez), hamar kantu biltzen ditu, eta askotarikoa da: “Chicagoko bluesa, New Orleans hiriko marchin’ band-en soinua, swing-a… estilo asko biltzen ditu, eta dantzagarria da”, azaldu du Javier Caballero bateria-jotzaileak.

Kantu guztiak, gainera, propioak dira; aurreko diskoetan, hain zuzen ere, bi edo hiru kantu propio baino ez zituzten sartzen, baina egun bertsioak zuzenekoetarako gordetzen dituzte: “Kantu guztiak gureak eta berriak dira; horretaz gainera, estudioko lan bat egin nahi genuen”, azaldu du Garcia piano-jotzaileak.

Horretarako, estudioan sartu eta zuzenean grabatu dute disko osoa. “Intentsitatea, feeling-a bilatzen genuen… instrumentu zaharrekin grabatuta dago, baina ez dauka soinu vintage.a, XXI. mendeko grabazio bat da”, azpimarratu du Caballero bateria-jotzaileak.

Amaitzeko, blues-taldearen etiketa gainetik kendu nahi dutela nabarmendu dute: “blues gisa etiketatu gaituzte, eta bluesa egiten dugu, baina baita rhythm and bluesa, swinga edo rockabillya, eta hori guztia etiketarik gabe”, esan du Garciak.

Lan berria 2014ko urtarrilaren 18an aurkeztuko dute Durangoko Plateruena antzokian Dead Bronco country-rock taldearekin batera; urtarrilaren 25ean, halaber, Bilboko Evidence tabernan izango dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button