
Berako kultur etxean, urriaren 7an, 20:00etan, Beatriz Egizabal (antzerkilari eta ipuin kontalaria) eta Ane Labaka (bertsolaria) “bertsotan/beritsuketan” arituko dira Erradikalak gara izeneko lanarekin.
Bi partaideen letra hauetan azaltzen da zertan den ikuskizuna: “Erradikalak zarete” erraten digute. Eta “nahi eta behar baino gutiago” pentsatzen dugu. Bi emakume elkartu gara eta maletak kontraesanez beteta dakartzagu, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko gara, umorez, erroetara ailegatu nahian”.
Toki berean baina egun bat lehenago, urriaren 6an, Heriotzaren triangelua (Imanol Laburu eta Jose Mari Salinas, 2015) dokumentala pantailaratuko dute euskaraz eta gaztelaniaz. Film horretan Franco hil ondotik eskuin-muturreko talde batzuk hasi ziren bereziki indarra hartzen. Langile, ikasle eta ezker aldeko mugimenduko kideei egindako mehatxu, jipoi eta erailketen bidez gogor aritu ziren. Andoaindik Astigarraga bitarteko eremuan gertatutako zortzi hilketak gogoraraziko ditu dokumental horrek.