MUSIKA

Aste Nagusian, Kafe Antzokia sutan

Azken urteetan egin ohi duen moduan, Bilboko Kafe Antzokiak musika egitarau bikaina atondu du Aste Nagusiari begira.

Hala, abuztuaren 20an Ray Gelato and his Giants Orchestra swing talde ingeles handiak joko du. Iazko Aste Nagusian ere Kafe Antzokian izan zen eta bandaren soinuak ikusle bat baino gehiago aho bete hortz utzi zuen.

Gelatoren emanaldia baino lehen, Sophie Paranoid eta Miss Mina O ´Delle bikoteak burlesque estiloko ikuskizun exotikoa taularatuko du, alegia, The Shimmy Shakers Burlesque Show.

Abuztuaren 22an, berriz, Delorean gipuzkoarrek dantzan jarriko dute areto guztia. 23an, berriz, musika lasaiagoaren txanda izango da Young Talent Show (Audience talde musikarien egitasmoa; Neil Young eta Bob Dylan musikarien doinuak moldatuko dute) eta Mursego (Maite Arroitajauregi txelo jotzailearen bakarkako proiektua) taldeekin.

Abuztuaren 24an Los Coronas koadrila madrildarrak r’n’r instrumentala zabalduko du. Haiekin batera, The Fakeband getxoztarrak arituko dira. Biharamunean, Atom Rhumbak hankaz gora jarriko du antzokia. Nafar-bizkaitarren aurretik Petti eta Xabi (Señor No) bikote basatiak joko du.

Soul estiloak ere bere tokia izango du programan. Hala, abuztuaren 26an, Bartzelonako The Excitements eta Grandako Al Supersonic & The Teenagers taldeek joko dute. Lehenengoak rhyham and blues kutsuko soul bizia jotzen du; bigarrenak, berriz, soul dotorea jorratzen du, Motown zigiluaren eta Northern soularen eraginpean.

Azkenik, abuztuaren 27an, Capsulak David Bowieren Ziggy Stardust disko ezaguna taularatuko du. Capsularekin batera Split 77 bilbotarrak izango dira.

Egitarauaren xehetasun gehiago, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button