ESZENA

Pertsona hauskor eta izutuen baitako sendotasuna

Arriaga Antzokiak Marie de Jongh konpainiaren Ama, edertasun latza obraren bi funtzio hartuko ditu asteburu honetan. Antzezlanaren emanaldiak larunbatean, martxoaren 5ean, eta igandean, 6an, izango dira, 19:00etan.

Jokin Oregi aritu da zuzendaritza lanetan eta Ana Martinez, Javier Renobales, Anduriña Zurutuza, Jokin Oregi, Maitane Sarralde, Joseba Uribarri eta Amets Ibarra izango dira antzezleak.

Ama lanak pertsona hauskor eta izutuen baitako sendotasuna du ardatz. Elkar zaintzearen edertasun epikoa balioetsi nahi du super-antiheroiei buruzko istorioa horrek. “Goretsi nahiko luke zaintzaren baitan dagoen edertasun epikoa. Guraso zaharren zaintza, apurka-apurka hiltzen doazen horiek, hil ahala gure bizitza zati bat ere haiekin eramaten dutelarik”.
Emozio sakonena dantzan jarriko du lan horrek, eta nahastuko dira kontu prosaikoa eta fantastikoa, magia eta oroitzapena, artea eta irria, absurdoa eta tragikoa.

Proiektu honetan bada aipatu beharreko beste alderdi bat: konpainiak zero-maskara izendatu dutena baliatu du obran. “Zero-maskararen erabilerak erabat baldintzatzen du proiektua formaz zein mamiz, unibertso poetiko oso bati atea zabalduz. Zero-maskarak gure pertsonaiak nolabaiteko desoreka batean jartzen ditu, gizatasuna kolokan jartzeraino”.

Lanaren sinopsia hauxe duzue: “Mario loft batean bizi da, lantoki eta bizileku den espazioan. Margolaria da, aitaren ofizio berekoa. Aspalditik dabil noraezean, errealitatearen krudelak gaina hartuta. Gurasoak zaharkituta daude oso, eta alaba gaztetxoak ere zaintzeko premia handia du. Mario halamoduz arduratzen da haien zaintzaz, sekula ez du ikasi nola egin, sekula ez du jakin nahi izan nola egin. Mariok erronkari aurre egin beharko dio, bidaia iniziatikoa izango da, familiaren baitan, iraganak oraina zipriztintzen duen bitartean, etorkizunik ba ote dagoen jakiteke.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button