ARTEA

“Barru(tik) kanpo(ra)”, zalantzak edo galderak jomuga

Gasteizeko Motehemoso aretoan, Barru(tik) kanpo(ra) izeneko erakusketa paratu dute irailaren 4ra bitartean. Bertan, Álvaro Aroca Córdova, Nerea Beriain Cebas , Oier Gil, Abel Jaramillo, Blanca Ortiga eta Imanol Zubiauz artisten lanak paratu dituzte.

Erakusketaren tituluak irakurketa asko egin daitezkeela adierazten du: “Irakurketa-aukera asko eskaintzen ditu erakusketaren izenburuak, duen esanahiak bezalaxe. Alde batetik, interesen zein ezagutzen transmisioari egin nahi dio erreferentzia, baina, batez ere, artista bakoitzarengandik ateratzen diren zalantzak edo galderak dira jomuga”.
Artista zalantza batetik abiatzen da beti, eta zalantza horretatik ere ikasi egiten da: “Guztiok gaude etengabeko ikasketa-prozesuan, baina artista izateko bide luze horren lasterketaren hasieran daude erakusketa honetan parte hartu duten artistak. Graduan daude batzuk, masterrean edo graduondokoan beste batzuk, are doktore tesia idazten ere; alabaina, ziur asko ibilbide artistiko osoa izango denaren hasieran daude”. Eta hortik ere badator artera hurbiltzeko ahalegina, definitzeko ahalegin: “Artea ezinbestekoa da, eta funtsezkoa; primarioa eta oinarrizkoa. Min ematen duten legeak; arrakalak jolasean; iristen ez den aisialdia; mozketak airean; gorputzen erresistentzia; errituan ekitea.”

Erakusketa honetan Oier Gilek Pirinioen ezabaketa proposatu du. “Mugen zeregina, bai eta gizakiak egindako banaketa edo mugaketak ere” zalantzan jartzen ditu artistak.
Nerea Beriain Cebasen Trastetegia mugen arteko jolasa da batez ere. Abel Jaramillok toki utopiko bezala gauzatu du hondartza Hondartza lanean. Imanol Zubiauzek Espazio negatiboa instalazioan eraiki du espazioaren bitasunaren adierazteko. Ispiluen eta laserren bidez, airean marraztutako bi kubo sortu ditu, izenburuak adierazten duen espazio hori mugatzen dutenak. Gorputzak lanean, Blanca Ortigak limitean jarri ditu materialak, harria, kautxua, kristala, goma, bai eta bere gorputza ere. Azkenik, Álvaro Aroca Quinchahue lana proposatzen du Herri maputxearen ohitura gogorarazteko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button