
Uztailean eta abuztuan ikusi ahal izango den Bularka begiratzea izeneko erakusketa abiatu du Zarauzko Photomuseumek. Fernando Garate eta Estrella Gómararen MV Bildumako hogeita hamar bat lan biltzen ditu erakusketak.
Jose Ramon Amondarain adituak honako lerro hauek idatzi ditu erakusketa berriaren harira: “Bularka begiratzea izenburuak oroitarazten digunez, teknika oro da gorputzaren teknika. Begirada borondatezkoa dela adierazten digu, mugimenduan dabilen radar aktiboa, eta jasotzekoa baino, ikusgarri dena ordenatzeko helburua duena. Antolaketan, irudi bakoitzak neurri batean den hori edo izan asmo zuen hori izateari utz diezaion planteatzen du erakusketak. Proposamen honetan, kulturalki esanahiaren bilaketara bideratzen den desiraren eta hori ez aurkitzeak sortutako frustrazioak dakarren kontzientziaren irekieraren artean topatzen du bere burua ikusleak. Koreografia horren guztiaren tartean, begiratzeak besarkatu-bularkatu egiten duela adierazten digu erakusketak”.