Ipuin hau argitaratu aurretik, bertako testutik abiatuta marrazki bat egiteko lehiaketa zabaldu zuen Elkar liburu-denda kateak 6 eta 12 urteko haurren artean; Euskal Herri osoko 2.000 neska-mutiletik gora izan dira ipuina irakurri eta ilustratu dutenak, eta egunotan eman da sariketa horretako erabakiaren berri.
Ipuinak hauxe kontatzen du: Baziren behin hiru triku ume -Kirikiño, Sagarroi eta Kirikolatz-, ama galduta basoan bakarrik gelditu zirenak, ez jateko ez edatekorik gabe. Horregatik erabaki zuten mendiaren beste puntara abiatzea, tipi-tapa, tipi-tapa, basoko bidexendra eta zidorretan zehar, hiri bazterrera iritsi arte.
Xabier Mendigurenek (Donostia 1964) bi filologia lizentziatura dauzka, euskaran eta hispanikoan. Lanbidez editorea Elkar argitaletxean, gazte nahiz helduentzako literatur arduraduna da.
Nuria Hernandez Pintor Bilbon jaio zen, 1974an. Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn, eta publizitatean eta diseinu grafikoan lan egin izan du. Ilustraziogintzan, berriz, Peru Abarka album lehiaketa irabazi zuen eta Lurmentzean liburuko irudiak egin ditu.
Elkar argitaletxeak bidalita