Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa beka bidean da, bi helburu betetzeko ahaleginetan: batetik, Apezetxea omentzea; bestetik, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenaren emaitza da beka hau. Maiatzaren 31ra arteko epea duzue proposamenak aurkezteko.
Diogun bezala, deialdiak ikerketa-gai zehatzak proposatu ditu lehen deialdian. Soziolinguistikan, tokiko hedabideen eragina euskararen biziberritzean; Helduen euskalduntzea: ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan; Immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara udalerri euskaldunetan; Gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako haurren artean.
Dialektologian, Bortzirietako hiztegia; Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak.
Onomastikan, toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena.
Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izango dira deialdira. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea edukiko dute ikerketa garatzeko. Bekadunak 7.000 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.
Pello Apezetxea Zubiri Ikerketa bekaren gaineko jakingarri guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.