LITERATURA

Anariren disko berriko poesia aztergai, Donostian

Anari musikari azkoitiarrak Zure aurrekari penalak (Bidehuts)  izenburuko lan berria argitaratu berri du, Irla izan plazaratu eta bost urtera. Bada, disko berri horren hitzak izango dituzte hizpide, gaur, Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Solasaldia Iratxe Retolaza idazleak gidatuko du.

Gaur, Donostian aztertuko diren hitzen harira, azkoitiarrak baieztatu du egunkarietara jo duela sarritan hitzok josteko, esparru ekonomiko, sozial eta politikoko terminoak poesia bihurtuz. Eta emaitza bikaina da, ohi bezala, Euskal Herriko hitz egile onen baita.

Diskoari dagokionez, Anari ohiko taldearekin aritu da diskoa grabatzen: Borja iglesias (gitarra), Drake (baxua), Mikel Txopeita (bateria) eta Mariano Hurtado (pianoa eta teklatuak). Horiez gain, Lisaböko Jabi Manterolak eta Karlos Osinagak gitarrak sartu dituzte, Audienceko Ager Ensunzak sokak eta Eneko Modydick-ek ahotsa eta gitarra akustikoa. Arlo teknikoaz Osainaga arduratu da, eta masterizazioaz, berriz, Jonan Ordorika.

Edukiaren harira, diskoa jarri eta berehala jabetzen gara Anariren disko baten aurrean gaudela: azkoitiarraren fraseatzeko modua, kantuen tempoa… baina, beste gauza guztien gainetik, teklatu eta pianoen presentzia gailentzen da diskoan, Nick Caveren eraginez-edo. Piano, hammond eta sintetizadore horietako batzuk Irla izan diskoan ere parte hartu zuen Joaquin Pascualek (Surfin’ Bichos) sartu ditu.

Halere, Anariren diskoek sarritan gordetzen dute harribitxiren bat, hasiera batean berea ez dirudien kantu bat, baina berea egiten duena, berez. Aurreko Irla Izan hartan Distantzia izan zen, 80ko Rock Amerikar Berritik edaten zuen doinu bikaina, The Dream Syndicate eta antzekoen itzalpean eraikia. Bada, oraingoan, sorpresa ezkutua, edo bere ohiko jariotik gehien bereizten den kantua, Hareago da, Mikel Laboaren minimalismoa eta 16 Horsepower banda estatubatuarraren country gotikoa uztartzen duena. Anarirena egin arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button