ESZENA

Pabellon 6 aretoak antzerkiarekin amaituko du urtea

Gozagarri bikoitzarekin, Pabellon 6 aretoak antzerkiarekin amaituko du urtea. Alde batetik, Pía Tedescok eta Lila Horovitzek Dos Mujeres, Contrabajo ikuskizuna egingo dute abenduaren 22an eta 23an, eta 28tik urtarrilaren 13ra, El viaje a ninguna parte antzezlana itzuliko da.

Lila Horovitz (kontrabaxua eta ahotsa) eta Pía Tedesco (ahotsa, gitarra tenorra eta ukelelea) bikoteak musika zabalduko du Bach-etik hasi eta Las Ketchup-erarte Beatles-etik pasatuz.  Beren ikuskizuna oso dibertigarria da, eta bere piezan, abesti berriak klasiko bihurtzen dituzte, eta kantu klasikoak, berri. “Umore zitala, popa, swinga, soula eta sormen handia dira betiko klasikoak freskotasunez aurkezten dituen lan honek osagai nagusitzat.”

Bigarren kasuan, Fernando Fernan Gomezen eleberrian eta ondorengo filmean oinarritu da Ramon Barea obra sortzeko orduan, eta Madrilgo Fernán Gómez Antzokiak koprodukzioa egin du. Patxo Telleria, Mikel Losada, Ramon Barea, Itziar Lazkano, Irene Bau, Aiora Sedano, Diego Perez eta Adrian Garcia de los Ojos dira antzezleak.

El viaje a ninguna parte obrak “komikoen lanbidea konpainia ibiltari batean aurrera eramateko modu jakin batez hitz egiten du. Azken finean, ogibideaz mintzo da, benetan bokaziozkoa denaz. Bizitzaren eta erresistentziaren mikromundu txikia den horretaz. Mendeetako tradizioa duen eta etengabe birsortzen den lanbideari egindako omenaldia da. Hil eta birsortu egiten da. Zinema, soinudun zinema, irratia, telebista, Internet… etorri diren arren. El viaje a ninguna parte antzerkiaren arte honen etengabeko metafora bilakatu da, funtzio bakar eta errepikaezin bakoitzean birsortzen den antzerkiarena.”

Ramon Bareak gogoratu duenez, “antzezlanaren oinarrian dagoen eleberria komiko batek egin du, komikoen seme eta komikoen artean hazitakoak, eta badaki zertaz, nola eta zergatik hitz egiten duen. Oroimena du. Bizitza du. Horrelako kontuak bizitzen badira bakarrik uler daitezke. Horregatik, gurekin etortzea izango da onena, ikuslea bidaia honetara gonbidatzen dugu. Guk bidaiarekin aurrera jarraitu arren, zuek nahi duzuenean utz dezakezue”.

Bi emanaldien gaineko informazioa bertako webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button