BESTELAKOAK

“Mendizaletasuna eta natura” Juan San Martin XVI. Bekaren ikerketa-esparrua

Eibarko Udaleko Euskara Sailak antolatu du, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) lankidetzan, ikerketa-bekaren deialdi hori, euskarazko ikerketa sustatzeko eta Juan San Martin eibartarra omentzeko xedez. Aurtengo ikerketa-eremua Mendizaletasuna eta natura izango da. Beka eskatzeko epea urriaren 12an amaituko da, eta 9.000 eurokoa izango da.

Beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Bigarren kasu horretan, ikerlanaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko da. Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa da diplomatura, gradua edo maila horretako tituluduna edo goi mailako tituluduna izatea. Taldeen kasuan, gutxienez erdiak bete beharko du baldintza hori. Eskatzaileak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea izan beharko du: EGA, HE3, etab. Lantandeen kasuan, partaide guztiek izan beharko dute gaitasun hori.

Juan San Martin Eibarko Klub Deportiboko bazkide izan zen, Mendi Batzordeko kidea. Berak sortu zuen Eskalada eta Goi-mendizaletasun batzordea, bera ere eskaladarekin eta mendiarekin maiteminduta baitzegoen. Inguru horretan baina lurraren zuloetan aritu zen, 1950eko hamarkadan, Aranzadi Zientzi Elkartearekin elkarlanean hasi baitzen espeleologiaren arloan, eskaladari buruzko ezagutza teknikoak zituelako.
Mendiari buruzko hainbat artikulu argitaratu zituen Pyrenaica aldizkarian. 1957ko maiatzaren 7an sortu zen Kultura Batzordearen menpeko Natur zientzien azpibatzordea, izan ere, natura eta ingurumena bere kezkak ziren. 1962an, Club Deportiboko presidente izendatu zutenean Kezka aldizkariaren sorrerarako aholkulari eta sustatzaile izan zen.

Hortaz, mendia eta natura, Juan San Martinentzat binomio banaezina izan da, eta horrexegatik aukeratu da aurtengo ikerketa-gai.

Eibarko Udalak ditu xehetasun guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button