ARTEA

Sigfrido Koch Arruti argazkilari donostiarraren inguruko erakusketa, Zarautzen

Sigfrido Koch Arruti  (Donostia, 1936-1992) argazkilariari buruzko erakusketa inauguratu zen irailaren 15ean, Zarauzko Photomuseum zentroan. Erakusketa zabalik egongo da urriaren 18ra arte.

Koch argazkilarien familian jaio zen, beraz, txikitatik izan zuen harreman zuzenena argazkilaritzarekin: Sigfrido Koch Bengoetxea aita eta irakaslearengandik jaso zuen trebakuntza nagusia. Sigfrido Kochek, gainera, sarritan adierazi zuen Donostiako San Telmo museora egindako bisitetan ere asko ikasi zuela. Horretaz gainera, Willy Koch Schoneweiss jatorri alemaniarreko argazkilari eta margolaria izan zuen birraitona.

Sigfridoren hitzetan, “Txikitatiko argazkigintzarekiko harreman logikoa izan dut; hala ere, trebakuntzaren ikuspegitik, nire bizitzan izandako harremanik garrantzizkoena margolaritza eta eskulturarekikoa izan da. Zorionez irakasle on-onak izan ditut, hala nola, Ballet erretratu egile bikaina, Bartzelonan, eta Cobreros marrazkilaria, Donostian.”

Alemania, Holandan eta Belgikan ere asko ikasi zuen argazkilaritzaz. Photomuseumen arabera, “formakuntza urte trinko haietan zehar material sentikorreko errebelatuen jardunean sakontzeaz gain, bere iragazkiak egiten hasi eta oso berezko zuen jakinmin nahia eta egiteko profesionala asetzeko, koloredun argazkigintza atxiki zuen”.

Handik itzuli eta gero, Kochek Madrileko Rasgo Grey agentzian jardun zuen hainbat urtez. Gero, Bilbon  aritu zen. Producciones Koch izeneko estudioa zabaldu eta bere jarduera nagusiak publizitate-argazkigintza eta filmen zuzendaritza izan ziren. Azkenik, Donostiara itzuli eta bertan hainbat esparru jorratu zituen: paisaiak, nekazal nahiz itsas guneak, erretratuak eta egituren argazkiak, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button