
Abenduaren 6, 7, 8 eta 9an izango den Durangoko Azokaren harira, disko aurkezpen zaparrada izan da gaur Bilbon. Hala, Siurtek, Jarek eta Mikel Urdangarinek lan berriak plazaratu dituzte.
Durangoko Seiurte taldeak Atlantida izenburuko seigarren lana argitaratu du Baga Biga diskoetxearen laguntzarekin. Jokin abeslariak azaldu duenez, lan hau “orokorrean, ilunagoa, serioagoa eta helduagoa da”. Ritxi Aizpuru Baga Bigako koordinatzaileak esan du, diskoan jasotako 11 kantuak rock zaleagoak direla, taldearen pop puntu alaia oraindik mantentzen duen arren. Era berean, Jotakie eta New Order taldeak aipatu ditu eraginen artean. Kantariak aitortu du disko hau duela bi urte hasi zirela ontzen, eta hasieratik aldaketaren bila joan zirela. “Ez genekien nora jo, eta kantuak atera ahala ikusi dugu nora joan garen”. Izenburua bera, taldeak disko hau egiteko bizi izan duen bilaketa aipatzen du. “Ezinezkoa bilatzeko metafora gisa ikusten genuen”.
“Iaze”, Jarek bigarren lana
Jare taldeak, bestalde, Iaze (Gaztelupeko Hotsak) bigarren diskoa aurkeztu du gaur goizean. Grabazioan parte hartu dutenen artean Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo eta Zea Mayseko Aiora Renteria daude. Idi Bihotz taldeko Mikel eta Gorka Bizar anaiek 2010ean sortutako taldeak melodiez josiriko lan rock zalea argitaratu du. Gitarra rock zaleekin, koruekin, eta orkestra konponketekin jantzi dute lana bizkaitarrek. Rock alternatiboa, rock gogorra eta melodikoa, eta funka nahasten dira.
Mikel Urdangarinen distantzia laburreko disko azula
Maite du kolore hori Mikel Urdangarinek. “Hainbeste gristasunaren erdian ostarte azulak bilatzen ditut, eta kantagintzan ere berdin egin dut”. Horrela hasi da Azula diskoaren nondik norakoak ematen, gaur goizean Bilboko Bidebarrietan burutu den prentsaurrekoan.
“Azula ere bada disko honetako bihotza den kantaren izena, hortik ere badatorkio idealizazioaz berba egiten duen lan honen titulua”.
Argi dago lan intimista baten aurrean gaudela, bertan Urdangarin, nartzisismotik haratago salto egin du, eta “esposaketa maila handiarekin, biluzik” agertu zaigu musikan zein letretan.
“Ebokazioz beteriko lana da, biszerala, oso barruTik sorturiko lana, hots, distantzia laburrean idatzita dagoen diskoa da”. Eta honek guztiak, ariketa intentsua suposatu du kantariarentzat, “edertasunaren bila jo nahi izan dut kanta bakoitzean, zure puskak hartu eta berregiten zaren bakoitzean bezala”.
“Idealizazioarekin ontzen dugu bizitza, beste bizitza ere bat baita, eta disko honetan idealizazioaz mintzatu naiz, eta ikusezintasunaz, zarata ateratzera jaio garenokin batera beste batzuk oharkabean pasatzen dira bizitzatik, horiei erre kanta bat egin diet. Baina disko honetan ere badago deserria, antsietatea, eta nola ez memoria. Diskoa ixteko 36ko Otxandioko bonbardaketaz hitz egiten duen kanta bat dator.”
Formatu berrian ere badator taldea. Koldo Uriarte pianoan eta Angel Celadan baterian jarri dira Urdangarinekin batera hirukote berria osatzeko, “beste sonoritate bat bilatu eta lortu nahi nuelako. Hirurok garbatu ditugu diskoko kantak asteburu batean eta errepikapen gutxirekin, zuzenean, behar den bezala, eta honek egiazkotasuna tea freskotasuna ematen dio lanari”.
Letrei erreparatuz gero, Unai Iturriagaren laguntza izan du “hiru ekarpen estimatuekin”, eta beste guztiak kantariak berak idatzi ditu.
“Azula, nerabezaroko kolore kuttuna, zauri zaharren ukendua… garai berrietarako balioko hala digu”