MUSIKA

Four Friends jazz eta blues klasikoetan murgildu da

Bilboko Four Friends taldeak Now or Never (Brixton REcords) izenburukoa hirugarren lana plazaratu du. Grabazioan jazz, blues, swing eta rock-and-roll zaharrean bustitako 12 klasiko bereak egin dituzte, emakumezko ahots klasikoetatik abiatuta: Niana Simone, Etta James, Billie Holiday, besteak beste.

Halere, zenbait ahots mitiko horien jarraitzaileak diren ahots garaikideak ere jorratu dituzte: Diana Krall, Eva Casidy, Lisa Ekdahl… Horretarako, Eider Saratsaga abeslariak lan bikaina egin du.

Eiderrekin batera, Iñaki Iraeta (gitarra), Eneka Albizu (gitarra), Fernando Iraeta (baxua) eta Jorge Gomez Abrisketa (bateria) aritu dira, fin-fin.

Boskotearen hirugarren lan hau Bilboko El Tigre estudioan grabatu da, eta Ultramarinos Mastering-en masterizatu. Diseinuaz, berriz, Jon Artetxe Artabe arduratu da. Brixton Records diskoetxeak argitaratu duen jazz estiloko estreinako lana da, izan ere, ska, reggae eta punk estiloetan espezializatutako diskoetxe bizkaitarra da.

Four Friends 90eko hamarkadako erdi aldean eratu zen; 2003an, lehendabiziko diskoa kaleratu zuen, Bilbop 2006an, Dzanga, eta, azkenik, Haruntzago (2009). Hirurak Hotsak diskoetxeak plazaratu zituen.

Taldeak, aste honetako ostegunean, azaroak 6, kontzertu bikaina eskainiko du Bilboko Kafe Antzokian, diskoa behar bezala aurkezteko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button