ARTEA

San Telmo Museoak “Women are Beautiful” erakusketa aurkeztu du

Garry Winogrand (New York, 1928-1984) argazkilari amerikarraren 85 irudirekin osaturiko Women are Beautiful erakusketa bidean jarri dute San Telmo Museoan. Erakusketa urtarrilaren 29ra arte egongo da ikusgai.

Garry Winogrand XX. mendeko Ipar Amerikako argazkigintzaren berritzaile handienetako bat da. Bere lanean 60ko eta 70eko hamarkadetako eraldaketa sozial femeninoa, emakumearen emantzipazioa eta gizartean zuen rol berria harrapatu zituen. Garai haietako aldaketez jabetu zen argazkilaria eta “1960 eta 1975 artean, dokumentu bakar bat osatu zuen, eta bertan islatuta geratu zen emakume seguru, libre, errebelde, sentibera, alai eta eder batzuen sentipena. (…) Bazirudien une hartako gauzarik interesgarriena bilakatu zela emakumearen irudia, eta hantxe zegoen sen handiko argazkilari hura, bere kameraren aurrean berez agertzen ari zen iraultza hura atzemateko prest.”

Baina argazki-sorkuntza ere polemikoa izan zen, batzuen ustez emakumea objektu bilakatzen zuelako. “Winogranden emakumeak ederrak badira, beren espazioa betetzen dutelako da, hain zuzen ere, haren jabe direlako, ez biktima. Egunaren argitan jantzita bainatzen ziren iturri batean; amazona-bularra zuen hegodun izakiaren jantziarekin ateratzen ziren parrandan; ezpainetan zigarroa estutzen zuten oinez zebiltzan bitartean; txutxu-mutxuka aritzen ziren bankuetan; zuhaitz baten itzalpean irakurtzen zuten; dantza egin eta gozatu egiten zuten seme-alabak zaintzen. (…)  Enkoadratze zainduen bidez, hiriaren erritmoan aldatu egiten baitziren, beste emozio mota bat sortzen zuen argazkilariak, existentziatik esanahi berriak ateratzeko gai zena: “Argazkiak ateratzean bizitza ikusten dut. Eta horri egin behar diot aurre”, zioen”.

1960 eta 1975 artean egindako Women are Beautiful seriea monografia gisa argitaratu zen 1975ean. Lola Garrido bildumagile donostiarrak 1994an eskuratu zuen seriea enkantean, eta azken urteotan hainbat erakusketa zentrotan aurkeztu da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button