IKUS-ENTZUN

“The Tribe” filma, FAS zineklubean

Miroslav Slaboshpitsky  zinegile ukrainarrak 2014an estreinatutako Plemya (The Tribe) filma pantailaratuko du gaur Bilboko FAS zineklubak, El Carmen aretoan, 19:45ean. FASeko kide Txus Retuertok aurkeztuko du emanaldia.

Miroslav Slaboshpitsky  zinegileak zuzendu eta idatzitako pelikula gor-mutuen zeinu-hizkuntzan filmatuta dago. Ukrainarraren estreinako filma lan ausarta da, eta bere eskuetan, zeinu-hizkuntza biolentziarako elementu bihurtzen da. FASen arabera, gortasuna eta isiltasuna ez dira batere lasaiak, hain zuzen ere, ustezko lasaitasun horren aurkako osagaiak bihurtuko dira filmean.

Film gogorra da, latza eta artegagarria da, eta era berean, originala, hain justu, originaltasun horren ondorioz, hainbat sari jaso ditu, tartean, pelikula onenaren saria Cannes hiriko jaialdiko Aste Kritikoan, 2014an.

Filmak ondokoa kontatzen du: Nerabe gor-mutu bat barnetegi berezi batean sartuko dute. Bertan, biziraun nahi badu, erakunde basati bateko kide izan beharko du, “tribuko” kidea. Erakunde horrek mota guztietako delituak gauzatzen ditu. Nerabea, baina, erakundearen liderraren amoranteetako batekin maiteminduko da, eta istorioa amodioz eta amorruz beteko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button