ARTEA

“San Sebastian eta fantasma” erakusketa, Oier Iruretagoiena artistaren eskutik

Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren Artea Abian proiektuaren barruan, Oier Iruretagoiena errenteriarrak bere obra erakutsiko du, urriaren 15etik urtarrilaren 9ra arte, San Sebastian eta fantasma erakusketaren barruan.

Bi entitateren arteko elkarlanean oinarritzen da Artea Abian programa, sorkuntza garaikideari protagonismoa eman nahi diona, batez ere, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez. Helburu nagusia “gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.”

Oier Iruretagoiena, bigarren edizio honetako artista, lanean aritu da azken hilabeteotan erakusketa hau prestatzen, eta San Sebastian eta fantasma titulua duen erakusketan ikus daitezke hilabete hauetan sortutako lanak, aurreko beste batzuekin batera.

Oier Iruretagoiena (Errenteria, 1988) musika esperimentalean hasi zen, eta gero beste formatu batzuetara zabaldu du bere lan esparrua, hala nola, eskulturara eta testura. Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 2011n, eta 2018an Bruselako WIELS egoitzen programa osatu zuen. hainbat galeriatan erakutsi ditu bere proposamen artistikoak. Bestalde, 2011tik 2020ra Bilboko Le Larraskito Klubeko koordinatzaileetako bat izan zen, eta 2020tik Berria egunkariko zutabegilea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button