
Bilboko Alondegiak Samuel Fuller (1912-1997, AEB) zuzendari klasikoari buruzko zikoa abiatuko du asteazkenean, uztailak 7, I shot Jesse James (1949) filmaren proiekzioarekin. Orotara zuzendari estatubatuar garrantzitsu honen 22 film ikusi ahal izango dira irailaren 21era bitartean. Izan ere, azken egun horretan Verboten! (1958) proiektatuko dute.
Amerikako Estatu Batuetako zine klasikoak eman zuen Biolentziaren Belaunaldia delakoak hainbat zuzendari hartu zituen, tartean, Sam Fuller, Nicholas Ray, Richard Fleischer, Robert Aldrich, Don Siegel, eta Anthony Mann. Lehenengo biek beti izan dute kritikari eta zinemazaleen begirunea, 50eko hamarkadaren amaieran zinema berriaren eredu bihurtu baitziren Hollywooden euren izaera independenteagatik.
Fuller zinegileak filmaturiko noir generoko lanak dira gogoratuenak, hala nola, Underworld USA (1961) eta Pickup on South Street (1953). Ezin dira ahaztu, halaber, egin zituen pelikula belikoak, tartean, The Steel Helmet (1951) eta Merrill’s Marauders (1962), edo Yuma (1957) eta Fourty Guns (1957) western-ak.
Aipatzeko ere bada, psikiatriko batean gertatzen den Shock Corridor (1963) lan psikodelikoa. Hona hemen trailerra.
Zikloaren xehetasun guztiak hemen.