
Borja Estankona (Arratia, 1979) gitarra-jotzaileak, -Igor Estankona idazlearen anaia-, bere bakarkako ibilbidearen metxa piztu du Baga-biga diskoetxearen laguntzarekin plazaratu berri duen estreinako lana dela medio. Bizkaitarrak estankona abizenarekin bataiatu du etapa berri hau, pertsona baino egitasmoa aipatzen duelako. Songwriter-ak atzo aurkeztu zuen Bilbon hamar kantuko lana.
Estankonak bere gitarran eta ahotsean sostengaturiko pop-rock kutsuko hamar kantu bildu ditu estreinako lan honetan. Halere, estudioan Itsaso Etxebeste baxu jotzailearen (Katamalo) eta Jimmy Arrabit bateria jotzailearen (Itoiz, king Mafrundi, Anje Duahlde…) laguntza izan du eta zuzenean ere ondoan izango ditu gitarra jotzaileak.
Arean taldearekin eman zituen bere lehendabiziko urratsak musikaren munduan. Taldea desagertu zenetik, baina, Estankonak sormen-krisia pairatu du, eta lehorte garai gogorra igaro ere. “Egoera larria izan da, borrokan aritu naiz neure buruarekin, ezin sortu, eta lan honekin artista ibilbideari hasiera eman diot”. Hala, diskoak ibilbide luze baten metxa piztu duela azaldu du.
Diskoa, oro har, nahikoa iluna da, azalean agertzen den zuri-beltzezko argazkitik hasita. Halere, proiektu honetarako idatzi dituen azken doinuek pop kutsu handiagoa dute, tartean, Unean diskoko azken kantua. “Egitasmoaren gauzatzeak ekarri duen poztasunetik etorri da pop zaletasun hori”.
Grabazioa, halaber, biluzia da, konponketa gutxi duen lana baita. Izan ere, kantuak dira ardatz, alegia, gitarra eta ahotsa. Estankonak onartu du gehien entzuten duen musika rock amerikarra eta britainiarra dela, “baina azken urteotan musika etniko eta folk asko entzun dut”. Diskoa 2010eko udan grabatu zuen Gasteizko Sonora estudioetan Iñaki Alonso teknikariaren laguntzarekin.
Hitzei dagokienez, kantu bakoitza istorio bat da, eta diskoa irekitzen duen kantua, bere anaiak idatzi du. Gainontzekoak berak egin ditu. “Lehenengo musika egiten dut, eta gero honi ondo doazkion hitzak topatu. Nik, musikagatik ez balitz ziurrenik ez nioke idazteari ekingo”.