IKUS-ENTZUN

Saharari eta Guatemalari buruzko dokumentalak Errenterian eta Elorrion

Garrasia Saharatik (Unai Aranzadi, Euskal Herria, 2008) lana proiektatuko dute bihar 19:30ean Errenteriako Mikelazulon. Bideo emanaldia eta gero, solasaldia egingo dute El Watan Saharako lagunen elkarteko kideekin. Proiekzioa Zine Txiroa Oreretan egitarauaren baitan dago.

 

Komunitate internazionalaren ezikusiaren eta Marokoko erregimenaren indarkeriaren artean harrapaturik, herrialde sahararrak era baketsu batean borrokatzen du bere lurraldea eta subiranotasuna berreskuratzeko. Mundubat, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, saharar zibilei ahaztutako gatazka honek zein ondorio latzgarri dakarzkien ikertzen ari da, emakumearen papera azpimarratuz.

 

Halaber, Elorrioan, eta Hilean Behin ekimenaren barruan, La isla, archivos de una tragedia dokumentala proiektatuko dute bihar 19:30ean Iturri Kultur Etxeko areto nagusian. Filma Uli Stelzner (Alemania, 1961) zine eta bideo independenteko egileak, zuzendariak eta ekoizleak zuzendu du.

 

Guatemala: XX. mendearen amaieran armadak eta poliziak milaka pertsona erahil eta bahitu zituzten. Beste inoiz gertatu ez den genozidioa, zigortu barik dagoena. Isiltasunean eta froga-faltan oinarritutako izu- eta zigorgabetasun-sistema. 2005. urtean, hiriburuan biolentzia bortitz baten ondorioz polizia nazionalaren artxibo sekretua agertu zen kasualitatez. Polizia-akademiaren egungo egoitzan lehenago Irla zegoen. Hau, polizia nazionalaren komando ankerren espetxe sekretua zen. Bertan, 80 milioi agiri baino gehiago aurkitu zituzten. Egun arte, bertan filmatzeko baimena jaso duen zinemagile bakarra Stelzner izan da.

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button