MUSIKA

“SagarKultur” ekimenean Bulego taldearen kontzertua

Joan den urtean bezala aurten ere SagarKultur ekimena abian dute uztailaren 25era bitarte Astarbe sagardotegian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Astigarragako Udalaren babesarekin kontzertu, ipuin kontalari, bakarlari eta jardunaldi ezberdinak antolatuko dira. Susperraldian dauden talde gazte eta euskaldunen presentzia nabaria izango da aurtengo edizioan.

Aurten makina bat kultura ekitaldi antolatuko dira sagardotegiko terrazan, eta hala gerturatzen direnek kulturaz era seguru batean gozatzeko aukera izango dute.

SagarKulturren oholtzatik Neona, Biren eta Sua taldeak, Nerea eta Mariano Ipuin kontalariak, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza eta Alaia Martin bertsolariak pasatu dira, besteak beste.
Asteburu honetan, uztailak 24, Bulego taldearen kontzertua programatu da. 2019ko urtarrilean lehen pausoak ematen hasi zen diziplina anitzeko proiektua da Bulego. Hainbat kidek erreferentzia musikal zein kultural ezberdinetatik hornituz, proiektu berri baten aldeko apustua egitea erabaki zuten. Beren zaletasunaren profesionalizaziorako pauso bat eman eta ikusmira zabaltzeko helburuarekin hasi zen Bulego taldea. Betiere musikaren panorama garaikideari so eginez eta gaur egungo beharrei erantzunez sortutako iniziatiba bezala definitu izan dute taldea. 2020ko apirilaren amaieran Bulego kaleratu zuten, sei kantaz osatutako lehen Epa. Taldean Tomas Lizarazu (ahotsa eta gitarra), Xabi Arrieta (bateria), Jontxu Ape (baxua),  Ruben Lizarralde (gitarra) eta Itzi Beitia (teklatuak) topatuko dituzue.

Horren ostean, igandean, uztailak 25, Esti eta Mikel Markez bikotea arituko da.

Birusaren egoera dela eta sarrerak beharrezkoak izango dira ekitaldi hauetara etortzeko, eta aire librean egingo dira Astigarragako Astarbe Sagardotegiko terrazan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button