
Izar & Star ekimenean parte hartzen duten talde eta artistek euren talde edo disko kutunen kantuak moldatzen dituzte kontzertu ikusgarrietan. Ziklo horretatik hainbat talde pasatu dira euren ekarpenak haizatzeko: Rukula, Capsula, Mursego, Txuma Murugarren, Lou Topet eta Last Fair Deal, besteak beste.
Bada, larunbatean, emanaldi interesgarria ondu dute SGAE Fundazioarekin lankidetzan, Bilboko Euskalduna Jauregian, 20:30etik aurrera: Sacratif jazz boskote bilbotarrak John McLaughlin gitarra jotzaileak zuzendutako Mahavishnu Orquestra mitikoaren errepertorioa moldatuko du.
Mahavishnu Orquestrak 1970eko hamarkadan jorratutako jazz-fusioa moldatu du Sacratif taldeak. Jazz-fusio eta jazz-rock estiloetan aitzindari izan zen Mahavishnu Orquestra. The Inner Mounting Flame (1971) eta Birds of Fire (1973) dira orkestra progresiboak grabatu zituen lan ezagunenak.
Hauexek osatzen dute Sacratif: taldearen buru Salva Salazar (gitarra), Esteban Valcarcel (tronpeta), Iñigo Corcuera (baxu elektrikoa), Gemma Sanchez (pianoa eta teklatuak) eta Gonzalo Benito (bateria eta perkusioa).