
Ruper Ordorikak kontzertu akustiko bat eskainiko du urriaren 13an, igandean, Arriaga Antzokian. Bertan, urrian, hiru dira programatutako hitzorduak baina lehena igande honetan egingo da.
Ruper Ordorikak bere abesti bildumaren zati handi baten interpretazio akustikoa egingo du, artifiziorik gabea, entzuleen gozamena bilatuz. Ez dira faltako, ziur asko eta besteak beste, Erruduna, Zaindu maite duzun hori edo Zaldiak negarrez kanta ederrak.
Azken urteotan Ruperrek bi lan argitaratu ditu, Bakarka (2018) eta Bakarka bi (2024), eta horietan 24 abesti errepasatu ditu bakarka, “ikuspegi intimistago eta bilduago batetik, gai bakoitzaren esentziaren alde eginez”.
Hortaz, urriaren 13an, 19:00etan, aukera paregabea izango duzue 40 urtetik gorako ibilbidea eta hogei disko baino gehiago dituen kantariaren ohots ederraz gozatzeko.
Bi egun geroago, asteartean, urriaren 15ean, 19:30ean, Arriaga Antzokiko foyerrean beste hitzordu bat izango da. Han, ikusle kopuru txiki baten aurrean, Beñat Egiarte tenorrak eta Josep Buforn piano jotzaileak euskal kulturan barna bidaiatzeko gonbidapena luzatuko dute.
Urrian, Arriagan programatutako azken kontzertua Juan Antonio Ipiña, Tontxuk egingo du. Gaur egun, 25 urteko ibilbidearen ostean, eta 13 disko argitaratuta dituela, makina bat emanaldi egiten segitzen du. Arriaga Antzokian izango da urriaren 27an, 19:00etan.



