Iruneko Lisabö taldearen Ezlekuak lanak piztu zuen Bidehutsen bidea duela hiru urte. Harrezkeroztik, beste bederatzi grabazio plazaratu ditu; iaz, hain zuzen, bost: Irla Izan (Anari), A shake in calm water (Audience), Willis Drummond (Willis Drummond), Fosbury (Inoren Ero Ni) eta Gora Japon (Gora Japon). Aurten oraindik ez dute erreferentzia berririk plazaratu.
Bidehuts, baina, ez da ohiko diskoetxea. Auto-ekoizpenean oinarritzen da eta taldea da protagonista nagusia, taldeak egiten baitu diskoetxea eta ez alderantziz, eta berak ezartzen baititu bere jardueraren jarraibideak. "Talde batek zigilu batekin fitxatu nahi badu Bidehuts ez da bidea, berak egin beharko baitu lana. Taldeak ez badauka lan egiteko eta arriskatzeko gogorik, eta benetan pentsatzeko, diskoa berea dela, Bidehutsen ez daukala zereginik. Berak ez badu egiten, inork ez du egingo", dio Asier Zuluetak Ezleku bat atalean pasa den abenduan argitaratu genuen elkarrizketan.
Kolektiboko kideen aburuz, Bidehuts ez da diskoetxe klasiko bat. Hala ere, Euskal Herriko talde interesgarrietarikoen diskoak plazaratzen ditu. Hala, martxoaren 31n eta apirilaren 1ean Bidehutseko lau ordezkariren jarioak entzun eta ikusi ahal izango dira Hondarribiko Psilocybenean: Gora Japon eta Anari, eta Willis Drummond eta Audience, hurrenez hurren.
Bidehutsek bidalita