MUSIKA

Rafael Berrio musikari donostiarra Bilbon

Rafael Berrio musikari donostiarrak iaz Warner konpainiarekin plazaraturiko 1971 lana Euskal Herriko eta Espainiako musika kazetariek egin ohi dituzten disko onenen zerrendetan dago. Izan ere, Gros auzoko musikaria maisua da musika eta poesia uztartzen. Oscar Cubillo musika kazetari euskaldunaren hitzetan, "hitz gordinen harribitxi landugabea da, melodien hezitzaile inspiratua".

Diskoaren grabazioan Fito eta de Quique Gonzalezekin aritzen diren musikarien laguntza izan du, batez ere, Joserra Senperenarena, zeinak orkestra-konponketa bikainak egin dituen. Diskoak tradizio estatubatuarretik (Cohen, Dylan…) eta europarretik (Brassens, Battiato…) edaten du. Berrio, izan ere, Frantziako musikarekin maiteminduta dago. Uztarketa horretatik abiatuta, Amor A Traicion eta Deriva taldeetan arituriko musikariak kantu liriko bikainak sortzen ditu. Horretarako ezinbestekoa du poesia, alegia, letra poetikoak. Hitz horiek, gainera, iragana dute inspirazio, "oraina etsigarria da, etorkizuna ez da sekula iristen. Iragana toki ona da aterpea bilatzeko", dio musikariak.

Luis Boullosa musika kritikaria ere Berrioren obraren jarraitzaile amorratua da, eta 1971 lana entzuterakoan negar egin duela aitortu du, "onerako" gainera. "(Kantuak) oso egoki girotuak daude Berrioren irudipenetan, rock estandarretik urrun dauden musiketan (gitarra beharrezkoa duenean baino ez du erabiltzen), tangoa edo fadoa zarpiatzen duten, eta adskripzio zehatzik ez duten erritmoak dira". Horrez gain, diskoan biltzen diren konponketak nabarmendu ditu, "Kamara-konponketak, baina baita ganbaretakoak, katedraletakoak, eta putetxeetakoak, inspiratuak ere, barrokismo puntu zehatzean geldiaraziak".

Berriok jaso dituen laudorio guzti horiek eragin dituzten kantuak zuzenean entzuteko aukera izango dute bihar Bilboko Arteria aretora gerturatuko diren musika zaleek. Emanaldia 20:30ean hasiko da.

SGAEk bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button