MUSIKA

Rafa Rueda eta Euskeria abesbatza elkarrekin, Mungian

Bihar, hilak 16, Mungiako Olalde Aretoan arituko da Rafa Rueda Euskeria abesbatzarekin. Kantaria jaio zen herrian burutuko duen kontzertu berezian Rafa Rueda (gitarra, ahotsa), Jaime Nieto (baxua, teklatuak), Koldo Uriarte (teklatuak, ahotsak), Alvaro Olaetxea (bateria, perkusioa, elektronika), eta Euskeria Abesbatza (Urko Sangroniz zuzendaria, 15 ahots) bilduko dira. Ekitaldia 20:00etan hasiko da.

Rueda izenpean argitaratu du Rafa Ruedak bere azken proiektua. Bertan gitarra, ahotsa, elektronika eta literatura uztartu ditu bere bakarkako lan minimalistan. Gainera, oraingo honetan, oso modu berezian eramango du oholtzara: Bilboko Koral Elkarteko Euskeria abesbatzako 15 ahotsek lagunduta. Ikuskizuna argiztapen eta eszenografia bereziaz ere jantzita egongo da.

Rafa Rueda abeslari eta gitarrista bakarlari moduan hasi aurretik Broken Bihotz eta Pi.L.T. taldeetan aritu zen. Bost disko grabatu ditu era horretan, baina horretaz gain, literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan ere parte hartu du, adibidez Estepan Urkiaga Lauaxeta poetaren omenezko disko bat koordinatu zuen. Ekoizle lanak ere egin ditu beste kantari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita, Txuma Murugarren, Kokein…). Eta Lou Topet taldeko kide gisan ere aritu da.

Mungiakoaren ostean, sortzailea Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da ikusgarri berriarekin, urriaren 24an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.